Software Libre Zalantzak

Kaixo! Kosta zaio iristea, baina hemen dago 2022ko azaroko Software Libre Jaiaren akta. Oraingoan Gasteizen egin genuen, [BioAlai](https://www.bioalai.org/eu/) izeneko bazkide kooperatibaren lokalean. Produktu ekologikoak saltzen dituen supermerkatua da eta beraien lokaleko eremu soziala erabiltzen utzi ziguten. ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/d35a927a-3628-4b67-b9d2-459af525a294.jpeg) Lehen saioa larunbat goizez egin genuen, gaztelaniaz, eta hiru bazkide etorri ziren beraien zalantzak argitzera: Elena: hurrengo baterako ordenagailuari Linux jartzea zer den ulertu zuen, eta bitartean trantsizioak egiten hasteko Photoshop beharrean Gimp gehiago erabiltzen hasiko dela esan zuen (dagoeneko ezagutzen zuen; Libreoffice ere erabiltzen du dagoeneko). Blanca: bere mac ordenagailu eramangarri zaharra ekarri zigun. USB batekin Ubuntu probatu genuen live moduan, baina wifi-a zebilenik ikusten ez genuenez, instalazioa oraingoan ez egitea erabaki genuen, badaezpada ere. John: ordenagailuan Ubuntu eta mugikorrean Ubuntu Touch zeuzkala erakutsi zigun. Bien arteko sinkronizazioa hobetu nahi zuen, baina ez genuen denborarik izan. Irudi dezake gutxi egin genuela, baina adin nagusiko hiru pertsona hurbildu eta zenbat hitz egin eta ikasi genuen kontuan hartuta, saio ederra izan zen. Bigarren saioa asteazken arratsaldez egin genuen, euskaraz. Izaskun etorri zen bere ordenagailu eramangarriarekin. Dagoeneko bazeukan Manjaro, lagun batek instalatu baitzion, baina zalantza ugari zeuzkan. Honako aurrerapausoak eman genituen: - Abioko programa batzuk kendu genituen eta berak ikasi zuen nola konfiguratu. - Ohartu ginen deskribatzen zituen arazo batzuen kausa seguru aski tekla zikinak zirela (ordenagailua bera bakarrik etengabe zerbait egiten hastea). - Bilatzailea Google-rena beharrean beste bat jartzen irakatsi genion. - Ordua gaizki konfiguratuta zeukan, konponduta utzi genuen. - Ordenagailuari kasurik ez egitean zer egin behar duen zehazteko energia kudeatzeilea erabiltzen ikasi genuen. - Mugikorreko aplikazio iragarpenak kentzen saiatu ginen, ez genuen lortu. - Fdroid eta Aurora instalatu genizkion, aplikazioak bertatik instalatzeko aukera izateko. - Elhuyar hiztegiaren aplikazioa deskargatu genuen.

0
0

Plantnet aplikazioaren email bat jaso nuen donazio eske, eta beraien lan onen artean ez zegoen software librearen edo biltzen dituzten argazkien lizentzia librearen inguruko mezurik. Propaganda gisa esateko modukoa izango zenez, suposatu nuen ez dutela ildo horretan lan txukunik egiten. Eta hau erantzun nion emailari: _Is the Plantnet app free software? Are pictures you collect given a publick domain or copyleft license? I don´t see that kind of words in your email. I think all big projects like yours should be managed like Wikipedia, Wikimedia... do. Maybe you already do?_ Bada, erantzuna jaso dut (erantzuna jasotzea bera pozgarria da) eta begira zer esan didaten: _Hi, The app is free indeed, supported by donation and research institutes. The data generated are mostly cc-by-sa. We are a small consortium though._ Erabiltzaileek aukera dutela irudiak CC lizentzia batekin jartzeko bai, baina aplikazioak zein lizentzia daukan ez dut aurkitu. Norbaitek honi buruz hausnartu izan badu, bota komentarioren bat! Gustatuko zait ikastea. Momentuz behintzat Plantnet erabiltzeko eta donazioa egiteko gogoa jarri zait.

0
0
peertube.eus

Bideo honetan azaltzen da nola instalatu [F-Droid](https://f-droid.org/). Aplikazio bat da eta internetetik deskargatzen da. Ondoren "denda" modukoa da, aplikazio libreak instalatzeko balio duena. Playstore modukoa alegia.

0
0
peertube.eus

Bideo labur honetan [OBS](https://obsproject.com/) programarekin bideo tutorialak nola ekoizten ahal diren ikasi ahalko duzue. Hasiberrientzat pentsatua izan da eta zinez oinarri bat izateko baino ez du balio. Etorkizunean gauza konplexuagoak ikusteko eta ikasteko parada izango duzue.

0
0

Kaixo!! Oraingoan Bergarako gaztetxean (Kartzela Zaharra) egin dugu software librearen aldeko jaia. Udako solstizioa pasata... gure ohitura txarrei su eman diegu eta Linux erabiltzearekin batera datorren tresna potente bat ezagutu dugu: TERMINALA :-) ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/bc325fd7-105f-44a0-a9ff-21b746425396.png) Eskerrik asko Iñaki, Andoni... espazio paregabea eskaintzeagatik eta bereziki Maider baita ere, hurbildu eta dakizun guztiaren zatitxo bat partekatzeagatik! Ordu eta erdi oso intentsoa izan da, datozen egunetan ikasitako guztia probatuko dugu, benetan gure egunerokoan barneratzeko! PD: web orri [hau](https://www.ubuntupit.com/best-linux-commands-to-run-in-the-terminal/) erabili dugu gida gisa, komando ezagun eta erabilgarrienak ezagutzen hasteko. Ikasitakoa hurrengo saioetara eramaten saiatuko gara! PD2: karaokea abesteko webgune marabilloso [honetan](https://negromate.rocks/quiero_ser_root/) aurki daitekeen bezala... "Yo para ser feliz quiero ser root..." jejejej

0
0

Egun hauetan Ubuntu instalatu nahi izan dut Windows 11 ere erabili beharko duen ordenagailu batean. UEFI du eta hala mantendu beharko du Windows 11 abiatu ahal izateko, eta saiakera bat baino gehiago egin behar izan dut Ubuntu abiarazi ahal izateko. Norbaiti lagungarri izango zaizkiolakoan (etorkizuneko niri, adibidez), hemen utziko ditut kontuan izateko ohar hauek: - Ziurtatu instalaziorako USBa sortzean UEFI moduan egiten dela. Ubuntuk gomendatzen duen BalenaEtcher-ek ez du aukerarik ematen, ez dakit egiten duen. Rufusek itxuraz bai. Nik `dd` komandoarekin egin dut - Abiorako ezarpenetan (lehengo BIOSean, `Esc` edo `F2` sakatuz) **ez desgaitu** UEFI. `Legacy` edo antzeko aukerek Linux abiaraztea erraztu dezakete, baina Windows 10/11 ezingo da abiatu - Abiorako ezarpenean, SecureBoot gaituta utziz gero, GRUB abiarazlearen fitxategia seguru gisa markatu behar da (aukera hau ezberdina izan daiteke softwarearen arabera). Niri ez dit funtzionatu - SecureBoot **desgaitu** eta berrabiarazita, Ubuntu aukera agertu zait Boot menuan: Windows Boot Manager baino gorago jarri, eta listo! Oso lagungarria egin zait eta informazio gehiago dago [Linux on UEFI: A Quick Installation Guide](https://www.rodsbooks.com/linux-uefi/) orrialdean.

0
0

Kaixo! Oroitzen duzue [Oiartzunen](https://lemmy.eus/post/14416) egin genuen Linux Party edo Software Libre Jaia? Gurpil bat zela esan genuen... eginda bigarrena! Albizturko udalaren eraikinean egon gara, bertako guraso batzuen eskariz, eta honakoak egin ditugu: - Aneren Lenovo eramangarria: 64bit, 8 GB RAM, i3, UEFI, 1000 GB disko gogorra. Ubuntu 22.04 jarri diogu - Mariren Toshiba eramangarria: 32 bit seguru aski (2002ko Windows XP dauka), 2 GB RAM, i core 2 duo GB, 12 GB disko gogorra. Linux Lite jarri diogu eta ez zuen euskaraz ikasi nahi hasieran, baina konbentzitu dugu. - Deliaren umeek torturaturiko Samsung gaixoa: 64 bit zela uste genuen, baina 32 bit seguru aski, 4 GB RAM, intel core 2 duo, 150 GB disko gogorra Linux Lite jarri diogu. - Aneren ahizparen portatila (pantaila puskatuta, erabaki beharko du konpondu edo ez). - Aneren senarraren amaren HP portatila: 64bit, 4 GB RAM, AMD E1-2100 APU with Radeon, UEFI, 1000 GB disko gogor. Ubuntu 22.04 jarri diogu, bi ahizpek gauza bera izan dezaten eta elkar laguntzeko. - Deliaren ordengailuan (Ubuntu zeukan dagoeneko) TxikiLinux edo/eta Luberri jartzeko denborarik ez digu eman. Konponbidea izan da berak ikastea USB live moduan probatzen gauzak. Hurrengo baterako gelditu dira: - Mikelen Fairphone 3-ari Android normala kendu eta e/OS jartzea. - Mikelen Rpi 4-an zerbitzari edo holakoren bat jartzea. - Garbigunetik salbaturiko eramangarri bati linux jartzen saiatzea. Eta hurrengoa noiz izango da? Bada... Ekainaren amaieran edo... **zuk** gaztetxe, eskola edo liburutegiko gela bat lortzen diguzun herrian!

0
0

1. Instalatu AURetik inprimagailuaren modeloari dagokion kontrolatzailea. Gure kasuan `brother-dcpl2520dw` izan da. **Baliteke urrats hau beharrezkoa ez izatea** 2. Ireki "Inprimagailuak" 3. Sakatu "Desblokeatu" eta sartu pasahitza 4. Sakatu "Gehitu inprimagailua" 5. Agertuko dan leihoan sartu (Ctrl+F) inprimagailuaren IP helbidea^1^ 6. Bertan aukera batzuk agertuko zaizkizu. Sakatu birritan "JetDirect-inprimagailua" deiturikoa ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/d6f3a8ff-7dc9-48ad-9bc4-83c1a07da7e3.png) 7. Bertan hautatu marka eta modeloa ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/20e9f163-fcee-45ae-8e85-be1516fe828a.png) 8. Martxan beharko zenuke jada inprimagailua, sare bitartez ere! ^1^ Bere IP helbidea jakiteko, sare berberan konektatuta dagon beste gailu batetik ikusi daiteke. Androiderako badaude aplikazioak F-Droiden. Ez det hontan sakonduko hemen, galdetu behar izanez gero.

0
0

Aspaldi irakurri nuen nonbaiten, nola egin distro pertsonalizatu batein irudia, usb batean sartu eta horrela hainbat instalazio egin ahal izateko. Adibidez, programa berezi batzuk automatikoki instalatzeko, atzeko irudi berezi bat ezartzeko, edo soberan dauden (eta normalean datozen) programa batzuk ez instalatzeko. Norbait ideiarik? Ideia hobea da instalazio "normala" egin eta gero script bidez aukera hauek automatizatzea?

0
0
https://librezale.eus/wiki/Eskuliburuak_%26_Tutorialak

Software Libre Zalantzak txatean tutorial batzuk aipatu dituzte gaur. https://matrix.to/#/#SoftwareLibreZalantzak:librezale.eus Librezaleren Wikian 'Eskuliburuak eta tutorialak' izeneko orri bat daukagula gogoratu naiz eta bertan gehitu ditut. Ondo iruditzen bazaizue software libreari buruzko euskarazko tutorial, bideo-tutorial eta eskuliburuak bildu ditzakegu bertan. https://librezale.eus/wiki/Eskuliburua

0
0

Duela urte batzuk Manjaro MATE instalatu nun ordenagailu batean eta geroago, beste batean, Manjaro GNOME. Orain MATEkoa GNOME bihurtu nahiko nuke, baina sistema hutsetik berrinstalatu behar izan gabe. Hau egin daiteke? Norbaitek lagunduko?

0
0

Zer ote da SLJ? Argitalpen hau komunitate honetan eginda... software libre jaia agian? Ia-ia! Solstizio Libre Jaia da. Gurpil bat martxan jarri dugu. Urtean bitan, gutxienez, su emango diegu gure GAFAM erabilerei. Linux Party moduko elkarretaratzeak egingo ditugu. Oraingoan, urte berria ondo hasteko hiru lagun elkartu ginen. Egindakoen artean: - Linux Lite jarri genion portatil txiki zahar bati: 32bit, 1 RAM, 30 GB disko gogorra (2008 ingurukoa eta XP zeukan) oso motel zebilen, baina instalatu da. - Beste zahar-zahar bat ez ukitzea erabaki genuen: 200 MB baina gutxiagoko RAM zeukan. - Manjaro XFCE jarri nahi izan genion berriago bati: Lenovo 64 bit, i3, 8 GB RAM, 1000 GB disko gogorra. Abio bikoitzarekin. Baina kale egin zuen, Windowseko datuen partizioa txikitzerakoan errorea eman zuen. Jabea pozik joan zen, linux instalazioez oinarrizkoa ikasi zuelako. Etxean probak egiteko gai sentitu zen. - Luberri.04.5_Ub jarri genion Lehen Hezkuntzako irakasle bati. Sony vaio. 64bit, i3, 4GB RAM, 500 GB disko gogorra. Bitxikeria: "Assist" izeneko botoitxoa dauka portatilak, arrankean gelditu eta F11... aukeren berri emateko. Ekinozioan norbait animatzen bada, aurrera. Eta udarako solstizioan seguru, Oiartzunen ez, beste nonbait... SLJ egingo dugu! BOTEA: Kriantza botila bat.

0
0

# Arazoa "2. izenburu" estiloa etzana baldin bada ere, eskuz hala eguneratu dudalako estiloa, aurkibidea eguneratuta ere ez dira etzanak agertzen bertan. # Konponbidea 1. Alboko barra ireki (Ctrl+F5) eta estiloen ataza bistaratu ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/LDdTzdtiMj.png) 2. Aurkibidean, kurtsorea dagokion kategorian kokatu (kasu honetan edozein "2. izenburu"tan) eta estiloen tokian, _Indizea_ atala zabalduta, lerro horri dagokion kategoria nabarmenduko da. Estiloen atazako kategoria horretan eskuin klika eta _aldatu_ ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/5hy2lbiPAR.png) 3. Agertuko den leihoan: *Letra tipoa* fitxa, eta *Estiloa* atalean, hautatu *Etzana* (edo nahi duzuna)

0
0

# Arazoa Aurkibidea osatzean, izenburu estilo gabe dauden lerro batzuk ere gehitu zaizkit bertan, nahiz ta beharko ez luketen. Ikus dezazuen, honelakoak dira lerro hoiek: ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/uVGslrTRoU.png) # Irtenbidea Lerro hauen **formatua garbitu** eta berriz eman ondoren, aurkibidea eguneratuta ez dira bertan agertu. Auskalo zergaitia, baina horrela konpondu da.

0
0

Jellyfin: `Jellyfin is a free and open-source multimedia application suite designed to organize, manage, and share digital media files to networked devices.` Ez dakit zergatik gertatzen zaidan baina nolabait bideoek kargatzeko denbora gehiegi behar dute. Jatorrizko kalitatean nahi dut erreproduzitu, horrek esan nahi du ez dudala transcoding eta ffmpeg behar. Eta hala da, makinan htop eginda CPUa ondo dagoelako. Baina orduan zergatik gelditzen zait bideoa blokeatuta puntu batean? Hau normalean hasieratik zuzenean ikusten ez dudanean gertatzen da, erdiko puntu batera mugitzean. ![](https://lemmy.eus/pictrs/image/KkUAw7SguT.png) Baina ez dakit, lehen bazebilen eta orain bai... Oso arraroa. Norbaitek Jellyfin erabiltzen badu...

0
0
www.youtube.com

Interesgarria iruditu zait eta, gordeta gelditu dadin, [hemendik](https://mander.xyz/post/964) modu gurutzatuan argitaratzen dut hau: > I have been learning a lot thanks to Lemmy and the people behind it, so I wanted to contribute a bit back by making some easy-to-follow video tutorials. > > I have also made the same video in Spanish: https://www.youtube.com/watch?v=h50M6jYZ8YU > > As a beginner myself, I do have a level of concern that I might teach something incorrectly, or that I might expose others to security risks and liabilities. I hope that these concerns are not well-founded, but I am open to criticism! > > >

0
0

Kaixo talde, Zalantza batekin nator. Jardunaldi batzuetarako ziurtagiriak prestatzen nabil, eta ez dut banaka banaka egiterik nahi. Partaideen zerrenda edukita, ziur nago nola edo hala, lor daitekeela hauek automatikoki txantiloi batean txertatu eta hainbat kopia, bakoitza bere izenarekin sortzea. Norbaitek ba al daki nola egin daitekeen? Edo nondik hasi bila LibreOfficen laguntzan? Mila esker denoi,

0
0

`Empty Bash`, `Empty Desktop File.desktop` eta `Empty File` fitxategiak agertzen bazaizkizu zure erabiltzailearen karpetaren erroan, Txantiloiak karpeta ezabatzearen ondorioa da. GNOMEn, edo behintzat Manjaroko bere aldaeran, badago [XDG protokoloa](https://specifications.freedesktop.org/basedir-spec/basedir-spec-latest.html) zehazten duen fitxategi bat: `~/.config/user-dirs.dirs`. Protokolo eta fitxategi hoien bitartez zein fitxategi mota automatikoki nun agertu edo gorde behar dan zehazten da. Hala, aipatutako fitxategi hoiek `~/Txantiloiak` karpetan agertzen dira *bere kabuz*, kontestu-menuetan erabili ahal izateko. `Txantiloiak` karpeta ezabatzean, aipatutako XDGrako fitxategian txantiloi-fitxategi hoiek lekuz aldatzen dira, erabiltzailearen `home` karpetaren errora. Beraz, bi aukera dituzu: 1. Txantiloiak karpeta berriro ere sortu eta `~/.config/user-dirs.dirs` fitxategian lerroa honela osatu: `XDG_TEMPLATES_DIR="$HOME/Txantiloiak"` 2. Txantiloiak karpeta ikusi nahi ez badezu, baño ezta ere txantiloi-fitxategiak erabiltzailearen karpeta erroan, zehaztu beste direktorio bat fitxategi berdineko aipatutako lerroan eta berrabiarazi sistema. *Direktorio berri bat zehaztu aurretik, ziurtatu direktorioa (karpeta) existitzen dala.*

0
0

Tresna hau YAY deitze da (Yet Another Yogurt) ta terminal bitartez paketeak kudeatzeko balio du, beste tresna batzuk baina errexago; gainera euskeraz erabili daiteke. AURetik (ArchLinux User Repository) instalatzeko aukera du, beraz pakete gehiago lortu daitezke honela. Komando honekin lortu daiteke tresna hau(ek) bere kabuz funtzionatzea: `sudo pacman -S yay base-devel` Gero, idatzi `yay bilatzeko-paketea` eta zerrenda bat aterako zaizu, zein biltegitatik datorren zehaztuz. Zenbakiz aukeratu instalatu nahi dituzunak eta aurrera. Horrez gain `pacman`ek dituen azpikomanduak ere erabili daitezke YAYekin, adibidez `yay -S paketea` zuzenean instalatzeko, `yay -Syu` sistema eguneratzeko edo `yay -Rsn paketea`, paketea bere dependentzia guztiekin batera ezabatzeko. > **Adi!** YAYek ez du `sudo` aurrekomandoa behar!

0
0